Musika eskolak antolatutako Apirilean musika egitarauaren baitan, aste osoan zehar ikasleen hainbat emanaldi izan dira herriko areto zein kaleetan. Asteburua ere, noski, ez da gutxiago izango.
Gaur, egubakoitza, klarinete, zeharkako txirula eta saxofoi ikasleek kontzertua eskainiko dute, 18:00etan hasita, Zabalotegi aretoan.
Geroago, 19:30ean, musika kalera aterako da Kalean Rock! emanaldiarekin. Ibargarai kalean, Egon tabernaren alboan, musika eskolako bi konbok rock-and-roll estiloko abestiak joko dituzte, inguruko guztiak dantzan jartzeko asmoz.
Domekan ere, hilak 24, izango da herrian musika hitzordurik. Arratsaldeko zazpietan hasita, musika eskolako bi abesbatzek eta orfeoi gazteak Ahotsen soinua kalera! emanaldia eskainiko dute. Estilo desberdinetako abestiak kantatuko dituzte, talde bakoitzak bere aldetik lehenik, eta hirurak batuta bukatzeko.
Eguraldi ona bada Irala kalean izango da, eta bestela, Seminarioko karpan.
Orain artekoarekin pozik
Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek modu positiboan baloratu du orain arte Apirilean musika ekimena izaten ari den harrera.
"Oso ondo doa. Jende asko ari da izaten kontzertuetan eta oso pozik gaude horrekin". Ugaldek domekan Udal Pilotalekuan izandako Udal Bandaren kontzertu didaktikoa nabarmendu du, non ume askok parte hartu zuten eta "oso polita" izan zen.