Lehen egunak bost edukiontzien bidezko bilketa sistemarekin

Maite Txintxurreta 2016ko api. 22a, 10:00
Errefusaren eta organikoaren edukiontzi berriak Ibargarai kalean; atzekaldean, zintzilikarioak

Udaletik azaldu dute lehen egunak "normaltasunez" joaten ari direla. Astelehenean zintzilikarioetako kuboak erretiratzen hasiko dira udaleko langileak.

Jarri dituzte errefusaren eta hondakin organikoen edukiontzi berriak, eta horrekin batera, martxan da honezkero hondakinen bilketa sistema berria. Aurrerantzean, errefusa eta organikoa ere edukiontzietan bota behar da, zintzilikarioak erabili ordez.
Astelehenean jarri zituzten edukiontzi gehienak kaleetan, eta martitzen goizerako guztiak zeuden instalatuta. Lander Arregik, Udaleko zinegotzi eta Debagoieneko mankomunitateko ingurumen arduradunak dio lehen egun hauek "arazo handirik gabe"  eta "normaltasunez" joan direla.

Astelehenean zintzilikarioetan dauden kuboak jasotzen eta Udal biltegira eroaten hasiko dira, eta horren ostean zintzilikarioak desmuntatuko dituzte.

Hondakinen bulegoa

Edukiontzi berriak irekitzeko  txartelen banaketa auzoz auzo egin dute aste santu aurretik hasita, eta saio horietan giltzen %70a baino gehiago banatu zutela azaldu dute hondakinen bulegotik. Txartela jasotzeke zeukaten herritar asko asteon izan dira udaletxean dagoen hondakinen bulegoan; ondorioz, ilara batzuk sortu dira, goizetan batez ere.

Horretaz gain, bulegoan aipatu dute jendea eurei dagokien edukiontzien gunea aldatzeko eskaerak egitera ere joan dela.
Bestalde, kasu batzuetan herritarrek arazoren bat izan dute edukiontzia irekitzeko. Horren aurrean, Arregik azaldu du sei edukiontzi identifikatu dituztela, eta zabalik utzi dituztela arazoa konpondu arte jendeak erabili ahal izateko. Arazoa izan da edukiontzien pilak agortuta zeudela: "Duela bi hilabete muntatu genituen, eta sistema berriaren ezarpena pixka bat atzeratu denez, pila agortu zaie". Nabarmendu du "konponbide azkarra" duen arazoa dela pilena. Hala ere, gomendatu du arazorik izanez gero, hondakinen bulegora jotzea.

Bestalde, bulegotik azaldu dute asteon kexaren bat edo beste izan dutela edukiontzien atearen altuerarekin lotuta, "ume eta nagusiendako altuegiak" direla esanez. Horren harira, Arregik azpimarratu du etorkizunean edukiontzi baxuagoak erabiltzeko probak egiten dihardutela. Bestetik, esan du hainbat gunetan aparkalekuaren tokian jarri dituztela edukiontziak, "espaloiaren altuera aprobetxatuz irisgarriago egiteko". Horrek, era berean, kexak ekarri ditu aparkalekuak gutxitu direlako. Zinegotziak azaldu du zintzilikarioak kentzean aparkalekuak berreskuratuko dituztela, eta kopurua "orain artekoaren antzekoa" izango dela.

Erabilera zuzena

Lander Arregik gogorarazi du edukiontzi marroian hondakin organikoak soilik bota behar direla, plastikozko poltsa barik. Poltsa erabiltzekotan, atez-ateko sistemarekin erabiltzen zen poltsa organiko birziklagarri bera erabili behar da. Etxean organikoa plastikozko poltsan batu ezkero, hura hustu eta dagokion edukiontzira bota behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak