Gaurtik salgai Bergarako jaietako herri bazkarirako txartelak

Eneko Azkarate 2016ko api. 20a, 22:00

Gaur jarriko dituzte salgai Bergarako Mendekoste jaietako herri bazkarirako txartelak. Egubakoitza bitartean egongo dira salgai. 700 sarrera salduko dituzte, agortu arte. Udal Pilotalekuko txarteldegian salduko dituzte, 16 eurotan, 18:00etatik 21:00ak arte. Bestalde, bakailao lehiaketarako eta goitibehera txapelketarako izen-emate epea zabalik dago.

Mendekoste jaietako astelehenean, 14:30ean, San Martin plazan egingo da bazkaria. Euria egingo balu, Seminarioko karpan egingo litzateke. menua honakoa da: lehen plater moduan, entsalada mistoa; bigarren platera, txerri saiheskia eta oilaskoa parrilan erreta; postrea, limoizko sorbetea eta kafea. Edariak: ardo beltza, sagardoa, ura, Kas eta Coca-cola, patxarana eta belar-likorea.

Pertsona bakoitzak, gehienez ere, sei txartel erosi ahalko ditu. Bi koloretako txartelak salduko dira, adinaren arabera: Kolore urdinekoak, nagusiendako eta nagusiekin familia giroan joango diren adinez txikikoendako; kolore horikoak, adinez txikikoak direnendako; hauei alkoholdun edaririk ez zaie emango.  

Alergia kasuren bat duten eta herri bazkarira joan nahi duten herritarrek kultura zerbitzura deitu beharko dute (943 77 91 59).

Bakailao lehiaketa

Bestalde, jaietako zapatuan, goizez, San Martin plazan, bakailao lehiaketa jokatuko da aurten ere. Bergarako gastronomia elkarteek hartu ahal izango dute parte. Elkarte bakoitzetik talde bakarrak eman ahal izango du izena lehiaketan, eta talde bakoitza bi pertsonaz osatuta egongo da. Izena emateko azken eguna apirilaren 27a, eguaztena, da. Telefonoz egin behar da, Bergarako kultura zerbitzura deituta (943 77 91 59).

Honakoak dira lehiaketan parte hartzeko arauak:

  • Bakailao lehiaketa maiatzaren 14an, zapatua, egingo da San Martin plazako arkupetan.
  • Bergarako gastronomia elkarteek hartu ahal izango dute parte. Elkarte bakoitzetik talde bakarrak eman ahal izango du izena lehiaketan, eta talde bakoitza 2 pertsonaz osatuta egongo da.
  • Izena emateko azken eguna apirilaren 27a da. Telefonoz Bergarako kultura zerbiztura deituta (943 77 91 59).
  • Lehiaketako parte hartzaileek Udaletxean (hirugarren solairuan, Kultura zerbitzuan, 09:00etatik 15:00etara) hartuko dituzte lurrezko kazuelak eta erosketak egiteko dirua, maiatzaren 4tik 11era bitartean.
  • Bergarako Udalak 110 euroko diru kopurua emango die lehiaketan izena eman eta parte hartuko duen bikote bakoitzari. Horrekin, bakailaoa eta berau prestatzeko behar dituzten osagarri guztiak erosiko dituzte lehiaketako parte hartzaileek.
  • Lehiaketako parte hartzaileak, beranduenera, 11:00etan agertu beharko dira San Martin plazara.
  • Bakailaoa 12:45ean entregatu beharko dute parte hartzaileek.
  • Epaimahaiko kideak Bergarako Udalak izendatuko ditu, eta beraien erabakia apelaezina izango da.
  • Sari banaketa 13:30ean izango da San Martin plazan.
  • 12 elkartek baino gehiagok izena emanez gero, zozketa egingo da izena emandako guztien artean.

Goitibehera txapelketarako izen-ematea zabalik

Maiatzaren 15ean, jaietako domekan, VII. Bergarako Goitibehera Txapelketa jokatuko da san Martzialetik behera. 16:00etan hasita. Txapelketa Euskal Ligarako puntuagarria izango da.

Izena emateko epea zabalik dago eta Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren webgunearen bidez egin behar da. Izena emateko azken eguna maiatzaren 11 da, eguaztena, 12:00etan.

Txapelketa, esan bezala, 16:00etan hasiko da, honako egitaraua izango duelarik.

  • 14:30 Egiaztapen tekniko eta administratiboak.
  • 16:00 Egiaztapen kontrolaren itxiera.
  • 16:05 Onartuen zerrendaren aurkezpena.
  • 16:10 Erremontea.
  • 16:30 Probaren Hasiera.
  • 19:30 Sari banaketa.

Hamar txapelketak osatzen dute Euskal Liga eta horietako lau Debagoienean jokatzen dira: Bergaran, Antzuolan, Oñatin eta Eskoriatzan. Honakoa da Ligako egutegi osoa:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak