Badira ia bost urte Bergaran kirola eta jarduera aktiboak sustatzeko asmoz Udaleko kirol zerbitzuak Kirola Kalera egunak antolatzen hasi zirela, eta esan daiteke errotzen ari den hitzordua dela. Gaur egin duten saiora jende ugari gerturatu da, eta giro bikaina izan da goiz osoan zehar Labegaraietan.
Palmerakuak mendi bizikleta taldeak antolatutako bizikleta martxarekin hasi da gaurko kirol jarduna. Hambost pertsona pasa batu dira, eta bederatziretan abiatuta, 33 kilometro inguruko itzulia egin dute.
Familientzako antolatu duten bizikleta txangoa ere jendetsua izan da, eta haur eta gurasoak batera itzuli txiki bat egin dute gero bueltan Labegaraietara joateko, haurrendako jolasak baitzeuden.
Bizikletaz gain, baina, beste behin ere Nordic Walkingeko hastapeneko ikastarotxoa ere izan da gaur, hamarretan. 10:30ean, berriz, Pol-Pol mendizale taldeko Hankaluze Trail sailak antolatuta trail runningeko ikastaroa egin du hasiberrientzat, mendian korrika nola egin behar den irakasteko.
Txikienak, gustura Labegaraietan
Bizikleta eliptikoak izan dira gaur umeen artean arrakastarik handiena izan dutenak. Hankekin zein besoekin eragiten zaie gurpilei, eta neska mutiko askok gaur arte ezagutzen ez zuten tresna bitxi hori frogatzeko aukera ez dute galdu.
Horretaz gain baina, Lokatzak antolatutako bizikleta gymkana eta jolasak izan dira. Hantxe ibili dira txikiak, aldapatxoak igo eta jaitsiz, konoen artean bizikleta gidatuz edota skate parkean gora eta behera.