Aurten bigarren aldiz ospatuko da egun hau Bergaran eta aurreko edizioarekiko hainbat aldaketa egin dituzte. "Gizartea asko aldatu da lehenengoz egun hau antolatu genuenetik. Horregatik guk ere antolakuntzan hainbat aldaketa egiteko beharra ikusi dugu", adierazi du Aritz Alustiza antolakuntzako kideak.
10:15ean izango da ongietorria. Segidan, eta berritasun moduan, solasaldi musikatua egingo da Miguel Altuna institutuan, Amaia Oreja eta Kristina Solano trikitilariak gonbidatutzat hartuta. Horrekin batera, haurrendako jolasak egongo dira seminarioko patioan eta hori bukatzean, kalejira batek alaituko du giroa herriko kaleetan zehar.
Bestalde, eta hau ere berritasun gisa, eskoletan sortutako rock edo kombo estiloko musika taldeek ere kontzertutxo bat eskaintzeko aukera izango dute. Ideia hau arrakasta izan dela dio Alustizak. "Hasiera batean bi edo hiru talde besterik ez genituen espero, eta hamar taldek eman dute izena", azaldu du.
14:30ean herri bazkaria egingo dute plazan. Aurrez salgai egon dira bertarako sarrerak, baina agortu egin dira dagoeneko. Arratsaldean, 17:00etako trikiti jaialdiak eta ondorengo triki-poteoak girotuko dute festa.
Azkenik, Gozategi taldearen kontzertua izango da herriko plazan, 23:00etan.
Egitaraua:
- 10:15: Ongietorria eta hamaiketakoa (San Martin plazan)
- 11:00: Solasaldia. Gonbidatuak: Amaia Oreja eta Kristina Solano. Moderatzailea: Josu Arrizabala 'Izer' (Miguel Altuna institutuan)
- 11:00: Haurrendako jolasak (Seminarioan). Ondoren.
- Ondoren: Kalejira herriko kaleetan zehar.
- 13:00: Debagoieneko eskolen emanaldia (San Martin plazan).
- 14:30: Herri bazkaria (Txartelak salgai: musikal eskolan, Pol-Pol eta Depor tabernetan. 12 euro helduak eta 10 euro umeak).
- 17:00: Trikitixa jaialdia (San Martin plazan).
- Ondoren: Triki poteoa herriko kaleetan zehar.
- 23:00: Gozategi (San Martin plazan).