Kontratatu dute eszena aholkularitzarako enpresa Seminarioko aretorako

Julen Iriondo 2016ko api. 8a, 09:45
Udal agintariak Seminarioko elizara berriki egindako bisita baten.

Kultiba enpresa bizkaitarra aukeratu du Udalak, zituen bi eskaintzen artean, Seminarioko kultura aretorako aholkularitza tekniko-eszenikorako.

Udal aparejadoreak agertutakoa da kontratazio honen beharra, eta enpresa horretako teknikarien ardura izango da orain: proiektu tekniko-eszenikoaren idazketa, Udalaren eta herriko kultura eragileen artean egingo diren bileretan landutakoa jasoz; proiektu arkitektonikorako aholkularitza ematea, obra zibila egiterakoan ikuspegi eszenikotik kontuan hartu beharreko gai guztiei buruz; ekipamendu tekniko-eszenikoaren hornikuntza eta instalazio zerbitzuak kontratatzeko lehiaketan, Udalari aukeraketan laguntzea. Horrela onartu zuen astelehenean Gobernu batzordeak.

Obra zibila, abuzturako

Bergarako Udalaren asmoa da Seminarioko eliza zaharra kultura erabilerarako egokitzeko lanak abuzturako amaitzea. Erretaula zaharberritzeari ekingo diote ondoren, urte amaierarako-edo bukatzeko. Balio handiko erretaula dela eta lanak enpresa berezi batek egingo dituela azaldu zuen Elena Lete alkateak berriki lanen gaineko argibideak emateko egindako agerraldian.

Ondorengo fasea izango da aretoa ekipatzea. Erabilgarri noizko egongo den aurreikuspenik egitea ez du nahi oraingoz Udalak, baina, alkatearen arabera, "martxa onean" doaz lanak.

Irizpide eszenikoei dagokienez, Udaletik adierazi dute kontratatutako enpresaren jarraibideekin batera, herriko kultura eragileen iritzia ere kontuan izaten jarraituko dutela. Zentzu honetan, eragileek obraren jarraipena egiteko aukera izango dutela iragarri zuen alkateak, baita udalbatzako alderdietako ordezkariek ere, eta aldizka bisitak egingo dituztela obretara; aurrenekoak hil honetan bertan izango omen dira.

Obraren berri herritarrei ere hedabideen bidez hiru hilean behin emango dietela iragarri dute Udaletik, "aurreko agintaldiko prozesu parte-hartzaileari jarraipena emanez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak