Bidegorria Urteaga barnealdetik joango da, eta Deba ibai aldamenera iritsiko da Canalejas taberna zegoen inguruan. Handik egingo du geltokia arteko bidea.
Gobernua lanak lizitaziora ateratzekotan den honetan, oposizioak eskatu dio, hori egin gabe, autobus geltokia egokitzea azter dezala. Irabaziko zinegotzi Aiert Lizarraldek atera zuen gaia azken osoko bilkuran.
Irabazik dio geltokiak hainbat arazo dituela, hala berresten dutela erabiltzaileen eta autobus gidarien esanek; esate baterako, autobusez gain, aparkatuta dauden kotxeak eta autobusa hartu behar duten pertsonak uztera sartzen direnak batzen direla, eta gune hark soilik autobusentzat izan beharko lukeela. Horregatik, eskatzen dute bidegorriaren exekuzioa geltokiaren planifikazio berri baten araberakoa izatea.
Gauzak aurreikusita dauden bezala, baina, proiektua bidegorriari dagokio, eta geltokiko gunean aldaketa txiki batzuk besterik ez dira egingo –argindar dorre bat lekualdatu eta landaredun isleta kendu, lekua irabazteko–.
Gobernuak azaldu du proiektua aurreko agintalditik datorrela, eta geltokia berrantolatzea ez dagoela aurtengo aurrekontuetan. Dena dela, geltokira oinez iristeko modua hobetzea mugikortasun mahaian aztertuko dutela dio Gobernuak. Inguru hartako arriskua da Irabazik ohartarazi duen beste gauza bat.