Jatorri ugaritako bederatzi garagardo eta jatekoa izango dira Bergarako Bolu auzoko garagardo azokan, asteburu honetan. Egubakoitzetik hasita, zabalik egongo da domekara bitartean 120 lagunendako tokia duen karpa, 19 mahairekin. Bedelkar merkatarien elkarteak eta Udalak antolatu dute azoka lehenengo urtez, eta agertokia ere ez da falta bertan, giroa goxatzeko. Hiru egunetan hainbat musika eta dantza emanaldi egongo dira.
Auzoan egitearen garrantzia
Bedelkarreko presidenteorde Ainhoa Garitanok adierazi du herrigunean ekintza ugari egiten direla beti, baina auzoetara zabaltzea nahi dutela, horietako komertzioen jarduera sustatzeko asmoz. Boluko bizilagunek euren partetik ere eskertu dute bertan egin nahi izatea. Hauxe esan du Sebastian Imaz bizilagunak: "Beti ari gara eskatzen ekintzak egin daitezela, baina ez daitezela herrigunean izan, eta esan zidaten zerbait antolatzen baldin banuen jendearen laguntzarekin, lagunduko nindutela eta auzoan egingo genukela".
Herritarrak animatu dituzte
Bedelkarrekoek espero dute garagardo azokak harrera ona izatea herritarrengandik. Eta Udaletik, Ekonomia eta sustapen zinegotzi Sabino Azkaratek esker hitzak izan ditu aurkezpenean, eta gonbidapena luzatu die herritar guztiei garagardo azokara joan daitezen. Edatekoa, jatekoa eta musika behintzat ez dira faltako egubakoitzetik domekara bitartean Bolun.