Olanok bat egin du Zumarragako langile batzordearen eskariekin, eta foru gobernuaren “babes osoa” erakusteaz gain, Foru Aldundiaren lana eta tresna guztiak erabiltzeko konpromisoa berretsi du, Zumarragako fabrikako lanpostuak gal ez daitezen eta ekonomia aktibitatea bertan mantendu dadin.
Zumarragako lantegiaren etorkizunak Bergaratik lekualdatutako 43 bat langileri eragiten dio zuzenean, eta Bergarako lantegiko behargin guztiei, zeharka.
Jaurlaritzarekin koordinatuta
ArcelorMittaleko langileen ordezkaritza Foru Jauregian izan da gaur eguerdian, lantegiaren egoerari buruzko azken berriak partekatu eta egoera aztertzeko. 21 langilek hartu dute parte bileran, eta ordubete baino gehiago iraun du. Topaketan, Diputatu Nagusiaz gain, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurraldeko Orekako foru diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, hartu du parte bileran.
“Langileak eta familiak dira lehentasun nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, eta lanpostuei eusteko lan egiten ari gara”, azaldu du Olanok, langileei eta Urola Garaiko eskualde osoari bizi duten egoeraren aurrean elkartasuna eta ardura adieraziz. Diputatu Nagusiak azaldu duenez, batzarrean komunikazio eta koordinazio bideak “sendotu” egin dira langileen ordezkaritzarekin. “Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen planaren testuinguruan, modu koordinatuan jarraituko dugu lanean gainontzeko erakundeekin eta langileekin batera, eta gure ekarpenak eginez”, esan du Olanok.