Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol 26. Edizioko Epaimahakide Gazteen saria eta, aste bukaera berean, Grenobleko Ojoloco zine jaialdiak banatzen duen sari bakarra irabazi du Altunaren filmak, ikuslearen saria, hain zuzen ere.
Donostiako Zinemaldian estreinatu eta gero nazioarteko 20 zinemaldi baino gehiagotan parte hartu du eta 11 sari irabazi ditu Amama filmak. Erroma, Montpellier, Mar del Plata, Tallin (Estonia), Annaba (Argelia), Tromso (Norvegia), Islandia, Herbehereak, Guadalajara (Mexiko), Palm Springs (AEB), Brusela, Uruguay, Grenoble eta Nanteseko zinemaldietan ikusi da, beste batzuen artean.
Amama-k mundu osoko zine jaialdietan parte hartzen jarraitzen du eta, datozen asteetan, Asier Altuna zuzendaria Manchesterren, Teheranen eta Italiako hegoaldean izango da pelikula aurkezten.
Iparraldean, 6.000 ikusletik gora
Iparraldean harrera ona izan du. Urtarrilean, Iparraldeko zine aretoetan estreinatu zen komertzialki eta azken urteetako euskarazko filmik ikusiena bihurtu da. 20 aretotan estreinatu da, 6.000 ikusle baino gehiago izan ditu eta karteleran jarraitzen du.
Azken asteetan, Asier Altuna zuzendariak Frantziako zine jaialdi batzuetan aurkeztu du filma, hain zuzen, Nantes, Villerbaunne-Lyon eta Grenoblen. Aldi berean, Bearne eta Landetako eskualdeetan izan diren filmaren estreinaldi komertzialetan ikusleekin solasaldietan parte hartu du.
Amama iazko urrian estreinatu zen komertzialki Espainiako 140 zine aretoetan eta 60.000 ikusle baina gehiago izan zituen.