Hileko lehen kultura hitzordua etxeko txikienei zuzenduta dago. Hilaren 3an, domeka, Pintto-Pintto antzerkiaz gozateko aukera izango dute Zabalotegi aretoan.
Bestalde, berritasun modura, Bolua auzoan garagardo azoka egingo dute bigarren asteburuan, Bedelkarrek, Bergarako Udalak eta auzoko komertzioek antolatuta.
Debagoieneko Trikitixa Eguna
Apirilaren 16an egun handia izango da trikiti-zale bergararrentzat; izan ere, Bergaran ospatuko da aurten 12. Debagoieneko Trikitixa Eguna. Ibarreko trikitilarien bilgune izango da herria, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldi izango dira: solasaldiak, bazkaria, musika emanaldiak...
Bukatzeko, 23:00etatik aurrera Gozategi musika talde beteranoak kontzertua eskainiko du San Martin plazan.
Apirilean Musika
Apirilean Musika egitarauaren baitan, musikaz beteko da kalea apirileko bigarren hamabostaldian. Musika Eskolak antolatu du egitaraua, eta horren baitan, bertan diharduten ikasleen hainbat emanaldi izango dira, Musika Eskolan bertan, Zabalotegi aretoan edota kalean, besteak beste.
Hitzorduen artean, esaterako, Udal Musika Bandak kontzertu didaktikoa eskainiko du hilaren 17an Udal Pilotalekuan, kalejira egin ostean.
Umeek ere izango dute eurentzat bereziki prestatutako ikuskizunik; hala, hilaren 19an, Marrazkien bizitza? Musika emanaldia izango da Musika Eskolan.
Bestalde, ekimenaren bigarren asteko ekimen ia denak kalean egingo dira, udaberriko giroa aprobetxatuaz. Egun horietan, rock musika, abesbatzak, Big Banda eta tronpa soinuek beteko dute Bergara.