Bergarako San Joxepe erretiratuen elkartea osasuntsu eta aurrera begira

Irati Elortondo 2016ko mar. 18a, 08:21

San Joxepe Bergarako erretiratuen elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen atzo, eguena, Bergarako erretiratuen etxean. Iazko balantzea eta 2016ko ekintzen programa aurkeztu zituzten, besteak beste. Batzordeko kideez gain, herriko erretiratu ugari gerturatu ziren bertara.

Jose Ramon Eguren erretiratuen elkarteko presidenteak hartu zuen hitza eta aurtengorako aurreikusi dituzten berrikuntzak aipatu zituen.

Joan den urteko bilera akta irakurri zuen presidenteak 2016ko programa iragartzen hasi aurretik. Pasa den urteko kultur ekintzetako puntu garrantzitsuenak azpimarratu zituzten, izandako asistentzia eta aurrekontua iragarriz.

Bestetik, Jesus Elortza diruzainaren hitzetan, guztira 1.649 bazkiderekin amaitu zuten urtea, 2014. urtean baino 13 gehiago gehituz. Horrez gain, 80 urteko jubilatu kopurua igo dela ere esan zuen, 2010. urtean 80 urte baino zaharragoko 384 kide zeuden; aurreko urtean, berriz, bikoitza, guztira, 601.

Batzordeko kideek 2015eko aurrekontua errepasatu zuten, urtean zehar eginiko ekintza guztien gastuak zerrendatuz. Guztira, 200 euroko zorra sumatu da. Onartu egin zituzten kontuak.

San Joxepe elkartearen zuzendaritzako kideak eta Mari Carmen Barrenetxea zinegotzia.

2016ko ekintzen barruan, bestalde, astean dantza saio gehiago egingo dituztela iragarri zuten, baita bidaia gehiago ere. Apirilaren 21ean Calahorrara joateko hitzordua dute eta irailean beste bidaia bat egitekotan dabiltza.

2016ko ekintzen programaren barruan, hainbat hobekuntza egingo dituztela iragarri zuten batzordeko kideek:

  • Gizarte Ongizateko zerbitzuekin bilerak egiteko planarekin jarraituko dute urtero bezala.
  • Aisialdi kolektiboa bultzatuko dute eta bazkide guztiak gonbidatu zituzten proposamenak egitera.
  • Horretaz gain, mendi-irteeretara apuntatzeko gonbita eskaini zieten. Mendi ibilaldi lauak ere sustatu nahi dituzte, gailurretara igotzeko aukerarik ez dutenentzat.
  • Informatika saioak antolatuko dituzte, joan zen urtean bezala eta ludotekako kideekin ere hainbat jolasetan parte hartzen jarraituko dute.
  • Mendekoste jaietan, probintzia mailako bolo-txapelketa antolatuko dute.
  • Eta bukatzeko Elkarrekin ikasten programarekin jarraituko dute, umeek eta helduek haien artean dakitena parteka dezaten.

Batzarraren amaieran, Jesus Elorza eta Maria Jesus Moñux batzordeko kideek haien karguak utziko dituztela iragarri du presidenteak. Ane Etxebeste eta Adela Ormazabal izango dira ordeztuko dituztenak.

Mari Carmen Barrenetxea Bergarako Udaleko gizarte politiketako batzorde-buruak ere hartu zuen parte batzarrean.

Zuzendaritza talde berria

Presidentea:

  • Jose Ramón Eguren Diez

Presidenteordea:

  • Rosa Ibarguren Jauregi

Bokalak:

  • Iñaki Iñarra Alberdi
  • Antolin Marchena Serrano
  • Emilio Gutierrez Elkoro
  • Asunción Gardoki Mujika
  • Ignacio Arrieta Beistegi
  • Aderito Prieto Garcia

Kide berriak:

  • Ane Miren Etxebeste
  • Adela Carmen Ormazabal

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak