A&B Laboratorios, Energy Revival SL (Rebattery), Gerdau, Iberdrola, Ingeteam, ITP eta Udapa enpresek irabazi dituzte Enpresentzako Europako 2016ko Ingurumen Sariak, Euskadiko atalean. Horri esker, esan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko “enpresa aurreratuenak direla ingurumenaren alorrean”, kudeaketa, produktu, prozesu eta garapen jasangarrirako lankidetzaren eremuetan.
Sari hauen 2016ko edizioak bi kategoria berezi ezarri ditu: Biodibertsitatea eta Lehiakortasuna eta Merkatua; lehenengo kategoriako sariduna Iberdrola izan da, biodibertsitatearen kontserbazioari eta erabilera jasangarriari egindako ekarpenagatik; bigarren kategoriako irabazleak Ingeteam eta Energy Revival izan dira.
Produktu eta zerbitzuaren kategorian, Europako Ingurumen Sariaren irabazlea Energy Revival izan da. Orain dela gutxi eratutako enpresa bat da Energy Revival (Rebattery), bateriei bigarren bizitza ematea lortzen duena, horien ingurumen-inpaktu handia saihestuz; saria Ingeteam enpresarekin partekatzen du.
Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak (European Awards for the Environment) deitzen ditu, lanaren bidez garapen jasangarriaren printzipioak betetzen lagundu duten erakundeak publikoki errekonozitzeko; guztia ere haien ahaleginak beste enpresa batzuentzat eredu izan daitezen.
Euskadiko sariak Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan banatu zituzten martitzen arratsaldean. Bertan zeuden Iñigo Urkullu lehendakaria eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi.