Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak lankidetza hitzarmena berritu dute gaur, euskararen egoera sozialari buruzko ikerketa eta jakintza kudeatzeko hainbat proiektu garatzeko. Aldundiak ikerketaren aldeko apustu sendoa egin du eta 167.930 euroko diru laguntza emango dio Klusterrari.
Euskararen erabilera soziala sustatzeko politika publikoak indartu eta berrikuntza ikuspegi batez mamitzearekin batera, hausnarketa eta esku-hartze tresna berritzaileak eskaini nahi zaizkie euskararen aldeko gizarte ekimenetan murgildurik diren elkarte, erakunde edo enpresei.
Herri erakundeek euskararen erabilera soziala sustatzeko burutzen duten politikari bide berriak bilatzeko, beharrezko ikusten da gizarte eragileekin lankidetza eta egindakoaren gaineko ikerketa. Bide horretan, Aldundiak jarraipena eman nahi die, Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean, euskararen egoera sozialaren erakusleak batu eta modu sistematiko batean eskaintzeko garatu izan diren ekimenei.