Lehen zatiko 30. minutu inguruan, ordurako Iñigo Machok 1-0koa sartuta zuela, penaltia adierazi zion epaileak Zumaiako taldeko atzelari bati; epaileak bigarren txartel horia atera dio eta hortik amaierara arte kanpokoak jokalari bat gutxiagorekin aritu dira. Ibai Leizeagak bota du penaltia, baina atezainak ederto gelditu dio jaurtiketa.
2-0koa, bigarren zatia hasi eta berehala
Atsedenaldira 1-0ekoarekin joan dira eta bigarren zatia hasi eta berehala Iñigo Machok 2-0koa egin du. Bergarak gogotsu jarraitu du eta Zumaiako, berriz, ezinean. Azken txanpan heldu da etxekoen hirugarrena; Bergarak (39 puntu) Erregional Preferente mailako goiko postuetan jarraitzen du, bigarren sailkatua den Mondrarengandik (41) bi puntu eskasetara. Liderra, Amaikak Bat, hamar puntura dago dagoeneko (49).
Mondrak bana berdindu zuen Soraluzen eta horrek esan nahi du liderrarekiko distantzia handitu egin dela Josu Zubiaren mutilendako. Geroago eta zailago dago sarrailagileendako Amaikak Bat harrapatzea. Antzuolak, ostera, Ilintxaren aurka galdu zuen etxean (0-2) eta azken postuan jarraitzen du.
UDAk berdindu liderraren aurrean
Bestalde, Hirugarren Mailako Aretxabaletak bina berdindu zuen atzo Ibarran Zamudioren aurka. Liderrak ezin izan zuen UDArekin eta puntu bakar bat zulotik irteteko nahikoa ez bada ere, pozik egon daitezke Gorka Valleren mutilak. Luzea izango da maila mantentzeko borroka.
Aloña Mendi, bolada onean
Ohorezko Erregional Mailan, Aloña Mendik 3-0 hartu zuen mendean Hernani. Igor Serranoren taldeak bolada onarekin jarraitzen du eta sailkapeneko bosgarren postuan daude dagoeneko.