Aitor Biainen batutak gidatu zuen 135 lagunek osatutako taldea eta bikain egin zuten bat Orfeoiak, Orfeoi Gazteak eta Ganbera Orkestrak. Hamabi koloretan eta hamabi sentimendutan Karl Jenkins-en hamabi pieza eskaini zituzten, eta hiru bakarlari ere izan ziren: Ainara Uribesalgo (kontraltoa), Rafa Moñux (tenorra) eta Nere Ibarra (sopranoa). Hego Amerikako doinuak oinarri hartuta, erritmo biziak izan ziren batzuetan eta lasaiak hurrengoan. Perkusioak zeresan handia izan zuen kontzertu guztian, eta horri lagun egin zioten biolin eta tronpeta doinuek.
Lau abestitan, gainera, Bergarako Candem Town akademiako kideek egin zieten lagun. Adin askotako dantzariek eskaini zituzten Bollywoodeko dantzak, bals eta flamenko ukitudunak, Broadwayko musikaletakoak eta tangoak.
Lepo beteta zegoen pilotalekuko ikusleek txalo zaparradak eskaini zizkieten guztiei goi mailako kontzertua eskertzeko.