Txapelketaren gastuei aurre egiteko baliabide faltagatik kolokan egon da, baina egin egingo da lau t'erdiko txapelketa. Reyes Azkoitiaren arabera, txapelketa orain arteko formatuan egiteko –zortzi pilotari gazte mailan eta beste zortzi seniorretan– 3.000 euro inguru behar dira, eta BKEko Pilota Sailak ez du aurtengorako aurreko urteetako babes ekonomikorik jaso –babesle berririk ez dute lortu, eta Soraluce enpresaren izena eramango du aurten ere txapelketak–: "Aurten egon gara batere ez egin edo laurekin egitearen artean; batere ez egitea ere, izena hartuta daukan txapelketa batekin, latza da. Baina laurekin bakarrik egitea ere oso latza egin zaigu".
Kontuak kontu, datozen hiru martitzenetan izango dira partiduak Udal Pilotalekuan, 19:30ean hasita. Zubizarretak eta Lerenak –gazte maila– eta Errandoneak eta Urbietak –seniorrak– neurtuko dituzte indarrak lehenengoan; bigarrenean, berriz, Salaberriak eta Riolek eta Lasok eta Ugaldek.
"Salaberria goizuetarra eta Zubizarreta ataundarra bolo-bolo dabiltzan gazteak dira. Seniorretan, Errandonea, iazko txapelduna, eta Laso, gazteak izanda, nagusietan aurrean dabiltza", dio Azkoitiak. Txapelketa motza izango dela-eta, pilotazaleak hasieratik deitu ditu frontoira.
Asteburuko karteldegia
Gaur, 19:30ean, Udaberri txapelketako finalerdia jokatuko da, bergarar –Perez eta Iñarra– eta villabonarren artean, nagusi mailan.