2012an igarri zituzten lehen mugimenduak horma horretan, eta iazko urrian jarraipena egitea erabaki zuten. Ikerketa geoteknikoa egin zuten lehenengo eta ondoren proiektuari heldu: "Monitorizazio bidez ikusi dugu azken bi hilabeteotan bederatzi milimetro mugitu dela", jakinarazi du Elena Letek, alkateak, eta gaineratu: "Eta batez ere euria egin duen azken egunotan mugimendu gehiago igarri da".
Hori horrela, horma guztiaren gaineko lanei itxaron barik, lehenbailehen egin beharrekoei heltzea gomendatu diete aholkulariek segurtasun kontuengatik. Horregatik euste-hormaren goiko harlanaren konponketei ekingo diete datorren astean lorategia inguratzen duen zati batean, hala, pisua kendu eta harri-hormaren egonkortasuna bermatzeko. Errekalde jauregia, gainera, Bergarako ondareen artean dago eta hori kontuan izango dute horma berregiterakoan: "Harriak bere kokapenean mantentzea gomendatu digute eta markatu egingo dira gero non jarri jakiteko", argitu du alkateak.
Bigarren fasea bi hilabete barru
Lanon aurrekontua da 9.459 eurokoa eta Sasoi eraikuntza enpresak egingo ditu. Hesia jarri dute astean horma inguruan eta datorrenean moztu egin beharko dute Errekaldetik Bolura doan bidea. Lanean diharduten bitartean guztiz itxita egongo da eta lan jarduna bukatzerakoan bidearen erdia zabaldu egingo dute oinezkoendako.
Bigarren fasean horma guztiari helduko diote eta horren gaineko proiektua egiten dabil Sestra enpresa. Proiektu horrek eta azterketa geoteknikoak zehaztuko dute hormaren zein zati dagoen kendu beharra, zimentazioa egin, errefortzua jarri eta berria egiteko.