Bergarako Orfeoiak kolorez margotuko du agertokia emanaldi berezian

Adiemus Colores, Karl Jenkins-en obra aukeratu du Bergarako Orfeoiak urteko emanaldi berezienerako. Orfeoi Gaztearen, okasiorako osatutako ganbera orkestraren (28 musikari) eta Bergarako Camden Town dantza taldearen laguntzarekin, Udal Pilotalekua koloreztatu nahi dute. Otsailaren 27an, zapatua, 20:00etan izango da emanaldia eta sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko.

"Ikuskizun honetan musika ardatz nagusia denez, soinuari arreta berezia eskainiko diogu, baina argiztapenari eta ikuste-zatiari ere bai" adierazi du Karlos Etxanizek, Bergarako Orfeoiko presidenteak. Nabarmentzekoa da Bergarako Orfeoiak lehenengoz eskainiko duela emanaldi bat dantza talde batekin batera.

Vocalise teknika

Musika garaikidea da eskainiko dutena, Karl Jenkins-en vocalise teknika erabilita. "Teknika hori 1994an garatu zuen eta horretarako silabak eta soinuak nahasten ditu inongo hizkuntzatan ulertu ezin daitezkeen letrak sortuz" dio Aitor Biain Bergarako Orfeoiko zuzendariak.

Orkestrazioari dagokionez, Brasilgo, Argentinako eta Espainiako dantza erritmoak erabiltzen ditu eta operaren edota jazzaren ukituak ere baditu. Hala ere, oraingoan Jenkins "harago" doa bere esplorazioan eta abesti bakoitza kolore jakin batekin lotzen du. "Horrek gogo-aldarte subjektiboak edo espresio-estiloak inspiratzen ditu. Musika printza latinoamerikarrekin dago eraikia, hainbat estilo fusionatzen ditu, hala nola, tangoa, samba… Orkestrazioa oso zaindua eta txundigarria da" dio Biainek.

70 ahots eta hiru bakarlari

Ikuskizuna "kolorez, musikaz eta dantzaz gainezka dator. Hunkigarria, benetan!" gehitu du Karlos Etxanizek. Agertokian, guztira, 70 ahots, Orfeoia eta Orfeoi Gaztea (Nagore Sanzen zuzendaritzapean) kontuan hartuta. Eta hiru bakarlari: Ainara Uribesalgo (altua), Rafa Moñux (tenorea) eta Nere Ibarra (sopranoa).

Bergarako Camden Town dantza akademiako 40 dantzari ariko dira agertokian, batzuk gazte-gazteak. Olmar Elejaga da zuzendaria. Haren esanetan, "erronka handia" da aurrean dutena eta gogor ari dira entseguetan, zuzenean eta zuzeneko musikarekin aritzeak dakarren zailtasunari erantzuteko.

Arrate Bengoari omenaldia

Bergarako Orfeoiak, emanaldi berezi honekin, omenaldia eskaini nahi dio Arrate Bengoari. Iaz zendu zen. "Orfeoiko kide eta presidente izateaz gainera, asko maite genuen eta emanaldia hari eskainiko diogu" esan du Karlos Etxanizek.

10 euro

Sarrerak zenbakituak izango dira eta dagoeneko salgai daude 10 eurotan, www.kutxabank.es webgunean eta Pikupe Produkzioen bulegoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.