Ekitaldi xumea bezain ederra izan zen. Amama pelikularen zuzendaria pozik agertu zen lehen erakusketa herrian ipintzeagatik. "Asko gozatu dugu lan hau egiten. Pelikularako erabilitako materiala ekarri dugu: Amparo Badiola eta Irala Elias protagonistak diren argazkiak, neronek egindako zirriborroak eta gidoi zati batzuk", esan zuen Altunak.
Pelikula egiteko jatorrizko ideia Kirmen Uriberen Maite zaitut, ez poema izan zela esan ostean, Ondarroako idazleak hartu zuen hitza. "Ohoretzat" hartu zuen Altunak bere poema pelikularen abiapuntu hartu izana. "Lan bikaina egin duela esango nuke. Poema xume batetik abiatuta film ederra egin du", adierazi zuen.
Maite zaitut, ez poema eta beste bi irakurri zituen, Mursegoren doinuak lagun zituela. Ekitaldia bukatzeko, Amama pelikula berarentzat zer suposatu duen soinuz irudikatu zuen Mursegok.