Hilabeteak entrenatzen egon ostean, iritsi da saria

Bergarako infantil mailako eskubaloi taldekoak, aste barruko entrenamendu-saio batean.

Azken boladan, Bergarako eskubaloi taldeko lagunek zerotik hasi behar izan dute arlo askotan. Senior mailako gizonezko taldeak, esaterako, mailaz jaisteko erabaki gogorra hartu behar izan zuen, talde gaztearekin Euskadiko Txapelketan lehiatzeak ekarriko lukeenagatik. Albiste ona, berriz, emakumezko koadrila baten eskutik etorri da.

 

Izan ere, hilabeteak entrenatzen egon ostean –eskubaloian jokatzen ikasteko helburu bakarrarekin–, hil honen amaieran Xabier Iñurrietak zuzentzen duen taldeak Kopan egin ahal izango du estreinaldia: "Ilusioz hartu dugu albistea, pozik gaude", azaldu du Mireia Sebalek, baina ez da ausartzen esatera taldea zer egiteko kapaz izango den: "Ez da erraza izango, gainontzeko taldeak –48 talde izango dira guztira– liga jokatzetik etorriko dira, eta guk ez dugu txapelketarik sekula ere jokatu, baina ahaleginduko gara gauzak ondo egiten", gehitu du Alazne Mujikak. 

"Oinarritik hasi gara" 

Iñurrieta entrenatzailea pozik dago neskek hilabete hauetan egin duten aurrerapenekin: "Oinarritik hasi behar izan genuen, baloia ondo botatzen ikasi eta halakoak. Baina badoaz aurrerapenak egiten. Liga irailean hasi zen, eta urrian sortu genuen guk taldea; Kopan izango dugu jokatzeko aukera, eta datorren denboraldia prestatzeko balioko digu".  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.