Urteroko moduan, kontzertu berezi batekin hasiko aratusteak Bergaran. Aurten, The love boat edo Maitasunaren itsasontzia 80. hamarkadako telesail famatua oinarri izango dute ikuslegoa musikaz gozarazi eta barrez leherrarazteko. Hitzordua Udal Pilotalekuan izango da, 22:30ean, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du.
Salgai jarri zituzten 902 sarrerak egun bakar batean agortu ziren; beraz, gaur ez dituzte ikuskizunaren aurretik frontoiko leihatilak irekiko.
Beti bezala, bi zatitan banatuta egongo da gaurko ikuskizuna. Lehenik, bandak hogei minutu inguruko kontzertutxoa eskainiko du, eta horren ostean emanaldi luzea etorriko da.
Bergarako Udal Bandak, Bergarako Orkestrak, Aritzeta abesbatzak, Debako Kulunka dantza taldeak eta norbanako boluntarioek hartuko dute parte gaur gaueko ikuskizunean. Guztiak mozorrotuta joango dira, itsasontzi batean oporretan baleude bezala. Beste behin ere, Manu Díaz arduratu da antzezpenen gidoiaz, eta Javier Burgos, berriz, eszenografia prestatzeaz.
Musikarekin bidaiatuz
Bandako eta Orkestrako zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaquek azaldu duenez, istorioan kruzero bidaia bat kontatuko dute, eta herrialde desberdin batera iristen diren bakoitzean bertako musika joko dute. Hala, lehenik Irlandara joango dira, ondoren New Yorkera, gero Jamaika aldera, eta bukatzeko, Venezuelako Isla Margaritara. Telesaileko sintonia ere joko dute, noski.
Zuzendariak azaldu duenez, aurtengo gaiak "zailtasun berezia" dauka, gag bakoitzak jende eta arropa aldaketa eskatzen duelako, eta horretarako azkar ibili beharko direla, asko dira eta: "hogeita hamar eta berrogei pertsona artean izango dira momentu oro eszenatokian".
Gaur gauean, 2015ean zendu zen James Horner konpositore estatubatuarrari "omenaldi txiki bat" egingo diotela azaldu du Gonzalez Chirlaquek. Hornerek pelikula famatu askotako soinu bandak konposatu ditu, eta Bergarako Bandak eta Orkestrak lan horien adaptazio ugari interpretatuko dituzte, horien artean ezagunena, Titanic filmeko My heart will go on.
Mozorrotzeko deia
Alfredo Gonzalez Chirlaquek kontzertua ikustera joango diren bergararrak animatu nahi izan ditu gaur gauean ere aratusteetako mozorroa janztera.