Gabonen bueltan egin zuten oraingoan ere elikagai bilketa –pixoihalak eta bestelakoak ere batu dituzte– Bubisher elkartekoek. Herriko denda eta supermerkatuetan egin dute bilketa, eta baita ikastetxeen bitartez ere. Eta Bergaran bakarrik ez, Antzuolan, Elgetan eta Soraluzen ere gauzatu dute kanpaina –azken bietan eskoletan bakarrik batu dute–.
Guztira batutako ia 5.000 kiloetatik 3.950 Bergaran jaso dituzte –Antzuolan, 649; Elgetan, 54; eta Soraluzen, 230–. 2014 urtetik 2015era asko hazi zen bildutako kilo kopurua –1.000 kiloren bueltan, bai Bergaran eta bai herri guztiak aintzat hartuta–, eta orain apur bat behera egin du zenbatekoak –400 kilo Bergaran eta 300 denera–, baina Bubisherretik azaldu dute "bikaina" izan dela herritarren erantzuna. Jaitsieraren arrazoiak "sakonean aztertzea" falta arren, azalpena "beste herrialde bateko errefuxiatuen egoera larriari eta emergentziazkoari laguntza eskaini behar izana" izan daitekeela azaldu dute elkartetik.
Bergaran eta inguruan jasotako elikagaiak Bilbon dira dagoeneko, eta hil honetan irtengo da elkartasun karabana saharar kanpalekuetarantz –euskal herrietan jasotako denarekin–. Premia handia dute han, basamortuko ohiko baldintza gogorrei iazko urriko uholdeen ondorioak gehitu behar zaizkie-eta: "Inoiz ezagutu gabeko uholdeak egon ziren, eta milaka familiak dena galdu zuten: etxea, janaria, arropak...". 25.000 lagunek galdu zituzten etxea eta elikagaiak, Acnur erakundearen datuak aipatuz Bubisherretik azaldu dutenez.
Elkarteak eskerrak eman dizkie aurtengo kanpainan era batera edo bestera lagundu duten guztiei.
Eta Udalari ere eskerrak
Udalak 1.200 euroko laguntza eman dio Bubisherri, elikagaien garraioan laguntzeko. Laguntzarekin, "boluntarioen lana", "herritarren ahalegina" eta Udalaren "konpromisoa" agerian utzi nahi dituztela azaldu du Elena Lete alkateak. Bubisherreko Marcos Gabilondok eskerrak eman dizkio Udalari, honetan eta beste proiektuetan ematen dien laguntzagatik.