Frogak egin ostean, Bergarako Musika Eskolako ikasle diren Olaziregi eta Garitano biolontxelo joleak eta Suinaga biolin jolea aukeratu dituzte Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikiaren parte izateko. EIO Txiki Eusko Jaurlaritzak aurten sortutako proiektua da. Orain arte EIO eta EIO Gazte zeuden; lehenengoan, hamalau eta hamazortzi urte bitarteko ikasleak aritzen dira, eta bigarrenean, berriz, bederatzi eta hamabost urte bitarteko gazteak. Orain, EIO Txiki orkestra berriari esker, hamahiru urtetik beherako neska mutikoek ere parte hartzeko aukera izango dute.
Miriam Moñux biolin jolea azken hiru urteetan aritu da Euskadiko Ikasleen Orkestrako gazteen taldean, eta aurten, EOI Gazten eta EOIn, bietan arituko da, urtero moduan frogak egin ostean.
Asmo berriak
Aurten EIOk Kataluniako Gazte Orkestrarekin batera egonaldia eta kontzertuak egingo ditu udan. Euskaldunak Vic-eko seminarioan izango dira ekainean programa prestatzen, eta lehenik Katalunian eta ondoren Euskal Herrian, kontzertu bana eskainiko dute.
Bestalde, zuzendari berria dauka EOIk. Orain arte Iker Sanchez aritu da zeregin horretan, baina aurten Juanjo Menak hartuko du ardura. Mena BBC orkestrako zuzendari titularra da gaur egun.
EOI Txiki proiektu berriko ardura Rafaella Acellak izango du, EOI Gazteko zuzendariak berak. Txikiek lau igandetan entsegu intentsiboak egingo dituzte, eta EOI Gazterekin batera kontzertuak emango dituzte apirilaren 2an eta 3an. Gazteen taldekoek Lurraska aterpetxean egonaldia egingo dute martxoa bukaeran, egitaraua ondo prestatzeko.