Gaztetxea etxeko txikienez bete zen zapatuan Bergaran. Maite Arroitajauregik, Mursegok, kontzertua eskaini zuen; umeei zuzendutako kontzertua, hain zuzen.
Umeak gustura egon ziren instrumentu berriak ezagutu, eta kantuan eta dantzan. Mursegok azaldu zuen Bergarako neska-mutikoak "oso argiak" direla, eta ikuskizunean jarrera aktiboa erakutsi zutela.
Instrumentu asko
Mursegoren kontzertuetan ohikoak diren instrumentuak atera zituen atzokoan ere: txeloa, kasioa, erritmo kaxa, marakak, txirula eta ukelelea, besteak beste. Erritmo jakin bat zuzenean grabatu, eta erritmo horren gainean abestu egiten du Mursegok. Atzokoan, umeei zuzendutako abestiak kantatu zituen; batzuk, gainera, ezagunak. "Ene kantak egitasmoari eskatu diot Animalien ibilkera abestia bertsio-berritzeko baimena; Ikusi ikusi han abesti ezaguna ere abestu dut", dio Mursegok.
Krokodilo barazki-jalea
Horiez gain, mendian libre bizi den zaldiaren istorioa, barazki-jalea den krokodiloaren istorioa, eta hortzak garbitzearen garrantziaz ere jardun zuen Mursegok.