87 urte ditu Martin Arana bergararrak, eta 27 eman ditu Mizpirualde egoitzan boluntario lanetan. Urte horietan guztietan egoiliarei konpainia egitea izan da bere egitekoa. Eguenetan joaten dira Nagusilan elkarteko boluntarioak Bergarako egoitzara bertan bizi direnekin, besteak beste, kartetan jokatzera, kontu kontari aritzera... eta Martin Aranak ondo baino hobeto bete du zeregin hori.
Atzo, egubakoitza, egin zuten omenaldia. Mizpirualde egoitzan elkartu ziren Martin Arana, haren senitartekoak, Bergarako alkate Elena Lete, Mizpirualdeko arduradunak, Nagusilaneko presidente Jose Luis Elosua, gainerako boluntarioak eta zenbait egoiliar. Esker oneko hitzak izan zituen Jose Luis Elosuak eta oroigarria eman zion Aranari. Elena Lete alkateak ere eredugarritzat jo zuen Aranaren lana eta lore sorta egin zion opari.