Pedro Rico: "Pena handiarekin noa, ez dakit berriz itzuliko ote naizen"

Julen Iriondo 2016ko urt. 29a, 10:29

Pedro Rico.

Bederatzi urte egin ditu Bergara Kirol Elkartearen presidente. Penaz baina lasai utzi du kargua, urteok eman diotenarekin pozik, nahiz eta jarritako helburu guztiak bete gabe eta arantzaren batekin; adibidez, lau sail –futbola, pilota, eskubaloia eta saskibaloia– dituen klub bateko presidente izanda ere, denei "lagundu" ezin izana.

Ezustean harrapatu gaitu zure erabakiak, kontuan izanda hauteskundeak duela gutxi izan zirela.

Nik esana nuen gutxi gorabehera urtebete egongo nintzela, ekainera arte, baina zenbait kontu pertsonal izan ditut. Horiek direla-eta ezin naiz bilera guztietara joan, eta erabaki dut ekainera arte egon beharrean orain uztea. Klubean jarraituko dut, baina ez presidente modura. Nekatuta ere banago, adina [60 urte], lanak denbora luzea kentzen dit [okina da]... Baina lasai noa, lasai uzten dut kargua, dena ondo dago, talde ona dago, erantzukizunari erantzuten dion jendea. Jende nahikotxo dago, gainera, zuzendaritzan, bakoitzak du bere lana, eta seguru presidente berriari ere niri eman dizkidaten erraztasun guztiak emango dizkiotela.  Alde horretatik lasai noa, oso talde ona dagoelako.

Iñigo Zaitegi izango da presidente berria.

Neuk ere hura gomendatu nuen. Uste dut pertsona egokia dela, bere esperientziagatik, eta poztu naiz onartu izanaz. Gustatu izango litzaidake Iñigo izan ez balitz emakume bat izatea ere; zuzendaritzan bi daude eta bietako bat izan zitekeen Bergararen lehen presidente emakumezkoa. 

Bederatzi urte hauen ze balorazio egiten duzu?

Agian, ideia zoro samarra zen, baina asmoa bazen taldea Hirugarren Mailara igotzea. Ez da posible izan; egun, gazteek oso goiz uzten dute futbola, baina, oro har, ondo egon da. Ohorezko Erregionalean borrokan ibili gara, denboraldi hobeak eta okerragoak egin ditugu, baina, oro har, ondo. Bestalde, lagun asko egin ditut, Bergaran eta kanpoan, jende asko ezagutu dut, eta hori satisfazio hutsa da. Pena handiarekin noa, ez dakit berriz itzuliko ote naizen; baina erretiroa hartu ostean izan beharko du, bestela ezin dut.

Futbol talde nagusia nola ikusten duzu?

Iaz faktore guztiak aurka jarri zitzaizkigun eta jaitsi egin ginen, zorte txarra izan genuen. Aurtengoa trantsizio urte gisa hartu genuen, eta hala izaten ari da, baina uste dut badagoela taldea, denek jarraitzen badute, datorren urtean igotzeko, bai edo bai.

Urteotan instituzionalki ze bilakaera izan du klubak?

Esango nuke hobetu egin dela Udalarekin tratua, Federazioarekin... Ekonomikoki ere zorrekin hartu nuen kluba, ez ziren handiak, baina dena ordaintzen joan gara eta nik uste dut aurten superabita izango dela, ze jendea ondo ari da lanean, propaganda gehiago egin da eta jende gehiago dago gugan sinisten duena.

Beste arantzarik geratzen zaizu?

Ez dudala denborarik izan futbola ez gainerako sailei laguntzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak