Hogeigarren mendean ehungintzak herrian izan zuen garrantzia hobeto ezagutzeko baliagarria izango dela-eta, Elena Lete alkateak eskerrak eman dizkio lantegiko jabeen familiari.
Industriak, eta ehungintza bereziki, pisu handia zuen Bergaran hogeigarren mendean, eta Lasagabaster, hirurogeita hamar langile ingururekin, lantegirik garrantzitsuenetarikoa zen; horregatik, Elena Lete alkateak jasotako dokumentuen garrantzia azpimarratu du.
Udal Artxiboan edozein herritar edo erakunderentzat eskuragarri egoteaz gain, aurki Lasagabasterreko dokumentuen inbentarioa ere interneten kontsultatzeko aukera izango da.
1925 urtetik 1988rainoko dokumentuak, Lasagabaster lantegiaren itxierarainokoak hain zuzen, jasotzen ditu Bergarako Udalak onartu berri duen dohaintzak. Artxiboa osatzen duten dokumentu guzti horiek eskuz idatzita daude.