Meza izan dute lehenengo auzotarrek; gero, Alai taldearen saioa; eta 11:45 aldera, puntual, Moises Azpiazu dantza taldeko ume eta gaztetxoek hartu dute frontoia.
Ohi bezala, kalejira egin dute lehenengo frontoiraino, eta bukaeran ere halaxe irten dira.10 bat dantza eskaini dituzte.
Maite Lazkano arduraduna pozik dago: "Oso borobila izan da gaurko saioa. Nik normalean ez dut dantza egiten eta gaur bai, egin dut, eta iruditu zait oso polita irten dela; guraso batzuek halaxe esan didate". Gaineratzen duenez, lekuak lagundu die: "Uberan, frontoian, leku handia dago eta oso ikusgarria eta polita izan da saioa; ilara eta borobil handiak egin ditugu".
"Nahi duena joan dadila"
Gero, auzoko elkartera joan dira guztiak, eta koadrila handia batu da han.
Uberarren harrera bikaina ere eskertzen du Lazkanok: "Urtero gonbidatzen gaituzte eta oso harrera ona egin digute aurten ere. 'Datorren urtean ere etorri', esan digute". Honako hau ere gaineratzen du: "Ni 2002an hasi nintzen taldeen ardura eramaten; azkeneko urteetan zozketa bidez aukeratzen nituen auzoetara joateko dantzariak, baina orain atea ireki eta nahi duena joan dadin uztea nahiago dugu. Ume eta gaztetxoek eurek erabakitzen dute nora joan nahi duten".
Bihar, jaietako azken eguna
Bihar, astelehena, bukatuko dira Uberako sanpauloak; 11:00etan meza izango dute auzotarrek, eta 12:00etan, salda eta txistorra banatuko dute.