Bigarren urteko infantilen taldea da, eta Xabier Iñurrieta da haien entrenatzailea. Hark azaldu duenez, Bergara Kirol Elkartekoak herriko ikastetxeetan jendea animatu nahian ibili ziren, infantil talderen bat sortu nahian. Azkenean, mutilen talderik ez zen sortu, baina neska dezente animatu ziren.
Urriaren erdialdean hasi ziren entrenamenduekin, denboraldia jada hasita zegoela, eta horregatik ezingo dute liga honetan jokatu. "Entrenatu eta datorren urterako prestatzeko aprobetxatuko dugu", dio Iñurrietak.
Lehiatzeko prest
Taldea sortu zenetik, lagunarteko bi partidu jokatu dituzte Zumarragako taldearen aurka, bata etxean eta bestea kanpoan. Bi partiduak "gutxigatik" galdu zituzten. Kontuan izanik aurkariek esperientzia handiagoa zeukatela, Bergarako entrenatzaileak "ondo" ikusten du bere taldea. "Asmoa da taldeak urte batzuetan jarraipena izatea", adierazi du.
Martitzen eta eguenero egiten dituzte entrenamenduak Labegaraietako polikiroldegian, arratsaldeko bostak eta erdietan hasita. Taldera batzeko interesa duen norbait balego, entrenamendu saio batetik pasatu daiteke.