Dohaintza egin eta Stoltz-Frères organoaren tutuen "babesle" izatera dei egin dute

Julen Iriondo 2016ko urt. 19a, 15:02

San Pedro parrokiako organo erromantikoaren konponketa diruz laguntzeko, dohaintzarako inprimakiak prestatu ditu Organoaren Lagunen Elkarteak. Guztira, 2.343 tutu ditu organoak, eta elkarteak aurkeztu duen dohaintza sistemaren berezitasuna da tutu baten edo hainbaten aitabitxi edo amabitxi izateko aukera izango duela hala nahi duenak. Organoa laguntzeko antolatutako kontzertuetan banatuko dituzte dohaintzarako inprimakiak. 

Epe motzean konpondu beharrean da Bergarako Stoltz-Frères organoa. 460.000 euroko aurrekontua zu zaharberritze osoak, eta premia handieneko lanek 100.000koa. Organoaren Lagunen Elkarteak 14.000 euro batu ditu orain arte konponketarako, eta kopuru hori handitu nahian dohaintzarako sistema jarri dute martxan. Guztira, 2.343 tutu ditu organoak, eta dohaintza sistemaren berezitasuna da tutu baten edo hainbaten aitabitxi edo amabitxi izateko aukera izango duela hala nahi duenak. Neurri desberdinetako tutuak daude, eta neurriaren araberakoa da tutua babesteko egin beharreko diru ekarpena. Ekarpena eginda, norbere izena eskertze plakan agertzeko aukera egongo da, eta baita diploma sinbolikoa jasotzekoa ere. Organoa laguntzeko antolatutako kontzertuetan banatuko dituzte dohaintzarako inprimakiak.

Hain justu, kontzertuei dagokienez, asteburuan izango da ikasturte berriko egitarauko hirugarrena: Mariatxen Urkia sopranoa eta Jose Luis Frantzesena organo-jolea ariko dira Santa Marina parrokian, 19:00etan hasita, domekan. Sarrera bost euro izango da, eta bertatik jasotako dirua ere San Pedro parrokiako organoa konpontzeko izango da, orain arte bezala.

San Pedroko organoa mundu osoan jatorrizko egoeratik gertuen dagoen Stoltz-Frères etxeko organorik handiena da, eta oso ezaguna han eta hemen, azken urteetan egindako zenbait grabaketa tarteko. Organoa konpontzera bideratutako dohaintzek zerga arintzea izango dute errenta aitorpenean. Partikularren ekarpenez gain, elkartean gustura jasoko lituzkete erakunde, enpresa eta abarrekoenak ere, ekarpen handiago zein txikiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak