Amasorrain, Azkarate eta Zabaletaren lanak batu dituzte Pol-Pol tabernan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko urt. 15a, 11:38
Amasorrain, Azkarate eta Zabaleta, Beart elkarteko kideekin. Argazkia: Amaia Txintxurreta.

Bergarako Beart elkarteak antolatuta argazki eta ilustrazio erakusketa zabaldu dute Pol-Pol tabernan. Natura ardatz duen erakusketa da eta otsaila amaierara arte egongo da zabalik. Gilermo Azkarateren, Agustin Amasorrainen eta Jon Zabaletaren lanak daude ikusgai.

Erakusketan hiru artisten lanak daude ikusgai: Gilermo Azkarate eta Agustin Amasorrain bergararrenak, eta Jon Zabaleta ilustratzaile hernaniarrarenak. 

Agustin Amasorrain 

Amasorrain bergararra Bearteko bazkide eta argazkilaria da. Pol-Polen ikusgai dagoen erakusketan lau argazki jarri ditu: Urbian ateratakoa da bat, behe-laino egun batean. "Ikaragarrizko magia zeukan egunak, asko disfrutatu genuen", azaldu du argazkiaren gainean. Bigarren argazkia Araban egindakoa da, Izki parkean. Zuhaitz batean hostoaren gerizpeak agertzen dira: "Gerizpeak asko gustatzen zaizkit. Argazki horri Klorofila deitu diot", azaldu du. Beste bi lanak Aralarren egindakoak dira: "Urtero joaten naiz Aralarrera, udaberri eta udazkenean, asko gustatzen zait", dio.Sarea izena jarri diot bati, usoak harrapatzeko sistema horren paralelismo bat eginda. Azkena, elurrarekin egindakoa da. 

Gilermo Azkarate 

Azkarate argazkilariak argazki minimalistak egiten ditu. Pol-Poleko erakusketara lau argazki eraman ditu: Hila, Bizia, Txoria eta Beltza. "Antagonismoa dute euren artean, ideia horrekin egin nuen", azaldu du. Herritarren aldetik erakusketak erantzun ona jaso duela esan du. 

Jon Zabaleta 

Jon Zabaletak bide luzea egin du ilustrazioaren munduan. "Normalean liburuetarako ilustrazioak egiten ditut; 100 bat lan egin ditut, idazle ezberdinendako, gehienak euskaraz", dio ilustratzaile hernaniarrak. 

Azkarate eta Amasorrain lagunak ditu eta eurek gonbidatuta zabaldu du erakusketa: "Lan solteak ekarri ditut, bat-batean egindakoak", azaldu du. Marrazkiak eta margoa nahastu ditu Pol-Poleko erakusketan. Bergarara behin baino gehiagotan etorri izan dela dio Zabaletak: "Kultura etxean egon izan naiz, liburu bat marrazten eta komiki ikastaro bat eskaintzen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak