98.150,15 euroko kostua izan du igogailu berriak, eta eraikitzeko lanak Goitu enpresari esleitu zizkioten. Inaugurazio ekitaldian, egoitzako ordezkariak, Bergarako alkatea eta Udaleko hainbat zinegotzi izan dira, baita Elgeta eta Antzuolako alkateak ere, Iraitz Lazkano eta Beñardo Kortabarria.
Nagusien egoitzako koordinatzaile Alazne Irazabalek igogailuak egoiliarrei ekarriko dizkien abantailak azaldu ditu: "egoitza aldapan dago, eta igogailuak neurri batean aldapa hori kentzen du. Bestalde, lehen sarrera sototik egiten zen, eta orain guztiak sarrera nagusitik sartu ahalko dira".
Mizpirualde egoitzak laurogeita hemeretzi plaza ditu, eta Bergara, Elgeta eta Antzuolako egoiliarrei ematen die zerbitzua.
Zabalotegiko irisgarritasuna
Asteon Bergarako alkate kargua hartu berri duen Elena Letek nabarmendu du igogailuak egoitzarendako onurak ekartzeazgain, Zabalotegi kalean bizi direnen irisgarritasuna ere hobetuko duela, eta, beraz, "erabilera bikoitza izango duela.
Bestalde, azpimarratu du igogailuaren inaugurazioarekin 1997ko irisgarritasun legea betetzeko beste pauso bat eman dela: "bertan esaten da elbarrituek aukera izan behar dutela duintasunez bizitzea, eta uste dut honekin hori bermatzen dugula". Gaineratu du irisgarritasun arloan "gauzak hobetzen jarraitzeko" asmoa dutela.