Domeka arratsaldean, 18:00etan hasita, Kontukantari izeneko ikuskizun berritzailea izango da ikusgai Bergarako Zabalotegi aretoan. Bilboko La Ressistens eta La Enana Naranja konpainien bategitetik sortu zen Kontukantari. Kantua, txotxongiloak eta antzerkia uztartuko dituzte emanaldi berezi horretan. Bi urtetik gorako umeak dituzten familiei zuzenduta dago bereziki Zabalotegiko hitzordua.
Ikusleak ere protagonista
Ikuskizun horretan, Sandra eta Boti izeneko protagonistek "betiko" abesti ezagunak berrikusten dituzte, reggae, rap eta blues erritmoetara eramanda, eta publikoarekin batera abesten dituzte kantu horiek, "nagusiek ahaztu ez ditzaten eta txikiek ikas ditzaten". Era berean, abestietan kontatzen diren istorioak antzezten dituzte. Hala, arratoitxoak itsasontzi batera igotzen, lanera joan nahi ez duten Txonbo eta Ziku, edo Nana eta Granu azokan txakur bat erosten ikusi ahal izango ditu publikoak.
Hamar kantu abestuko dituzte denetara, guztiak euskaraz: Txiki txikia, Txakur bat, Kanuto, Txan Txibiri, Ran Rober Ran, Sorgina Pirulina, Baga Biga Higa, Ixil ixilik, Itsasontzi baten, Ez goaz lanera eta Gora ta gora beti.
Sarrerak 4 eurotan izango dituzte salgai Zabalotegi aretoko leihatilan. Domekako ikuskizunak 50 minutu inguruko iraupena izango du.