Azken hilabeteotan, Bergarako Udala Errekalde Jauregiko lorategiko hormari jarraipen teknikoa egiten ari da. Izan ere, horma, pixkanaka-pixkanaka, erortzen ari da. Hala, lehenik eta behin, benetako egoera zein zen jakin eta egin beharreko obra zein izango zen zehazteko txosten teknikoa egin zen. Txosten teknikoa eskuan, Sestra enpresari esleitu zioten eustorma egonkortzeko proiektua.
Horrez gain, eta proiektuaren oinarria sendo finkatzeko, Udalak azterketa geoteknikoa enkargatu zuen, eta urtarrilaren 5ean izan ziren azterketa geoteknikorako behar diren laginak hartzen.
Azterketa guztiak eginda, epe motzean hormaren konponketa lanak egiten hastea aurreikusten du Udalak. Obrek irauten duten bitartean, kaleak itxita egon beharko du lanak behar bezala egin eta herritarren segurtasuna bermatzeko.