Ekimen ikusgarria Bergaran konponbidearen alde

Bergarako San Martin plaza jendez bete zen Gabon Zahar arratsaldean, ekimen berezian, argazki ikusgarria osatzeko, konponbidearen eta euskal presoen eskubideen alde. "Denok gaude argazkian, baina ez ditugu argazki gehiago nahi, hori da gure hurrengo erronka, argazkirik gabeko Euskal Herria, preso eta iheslari politikorik gabeko herria" diote ekimenaren bultzatzaileek. Bide batez, ekimenarenarekin, dei egin diete herritarrei urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionako kaleak betetzera: "Guk kaleak betetzen jarraituko dugu, kartzelak husteko" diote.

Hemen, ekimenaren sustatzaileek bidalitako oharra, osorik:

"415 Euskal Preso Politikoak etxean nahi ditugula aldarrikatzeko 415 bergarar bildu nahi genituen Bergarako Plazan, argazki ikusgarri bat osatzeko. Erronka soberan bete genuen: 84 aterkin zuri, 50 gorri, 415 kandela eta bergararrak gehiago eske. Denok gaude argazkian, baina, ez ditugu argazki gehiago nahi, hori da gure hurrengo erronka, argazkirik gabeko Euskal Herria, preso eta iheslari politiko gabeko herria. Bakean erabakiz, etorkizun hobea eraikiz egin nahi dugu bidea.

Erabat ziur gaude erronka bete daitekeela. Bergaratik Euskal Herrira mezu xume bat zabaldu nahi izan dugu, esperantza mezu bat. Gu gara, herritarrak gara, indarra daukagu, dena dago gure esku, guztiok mugitzen bagara guztia mugituko da. Siete Mares abestia lagun osatu genuen irudia, Hator, hator abestuz amaitu genuen. Hator, hator, esaten diegu preso eta iheslariei, baina bereziki, hator, hator esaten diegu Euskal Herritar guztiei. Hator, hator, konponbidearen Euskal Herrira.

Bergararrok eta Euskal Herritarrok, behin eta berriz erakutsi dugu, barne indar izugarria dugula, elkarri eskuak emanda, begietara begiratuta, harrokeriarik gabe, kokotsa tente eta begirada zerumugan dena da posible.

Atzokoa, auzolanean, siglarik gabe, herritarron borondateak batuz egin genuen ekimena izan zen.

Bide batez, ekimenaren bidez dei egin nahi dizuegu guztioi, urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionako kaleak betetzera. Guk kaleak betetzen jarraituko dugu, kartzelak husteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.