"Ekimena bakearen eta konponbide osoaren aldekoa izango da. Horregatik, azken hamarkadetan izan dugun gatazka politikoaren ondorioz sortu diren biktima guztien aitortza, errekonozimendua eta erreparazioa aldarrikatuko ditugu. Honekin batera, demokrazia eskatzeko ekimen bat izango da, Euskal Herriaren hitza eta erabakia eskatuko dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Euren esanetan, Bergaran "oso errotuak" daude aldarrikapen horiek eta herritarren "gehiengo oso zabalak" bat egiten du horiekin. "Horregatik, kolore ezberdinetako 100 herritar batu ginen orain egun batzuk ekimenean parte hartzeko deialdia egiteko. Gaur egun, 300dik gora gara ekimenean parte hartuko dugula esan dugunak eta aniztasuna oraindik ere handiagoa da", adierazi dute. Deitzaileen artean askotariko bergararrak daude: kirolariak (pilotariak, futbol jokalariak, korrikalariak, eskubaloi jokalariak); kultur munduko jendea (musikariak, kantariak, trikitilariak…); langileak, ikasleak, sindikalistak eta baita politika munduko jendea ere (EAJ, EH Bildu eta Podemoseko militante ezagunak).
415 lagun batu gura dituzte, gutxienez; euskal preso bakoitzeko, pertsona bat. Horregatik, bergarar guztiei bertaratzeko deia egin diete.
"Gozatzeko modukoa"
Ekimenaren xehetasun batzuk ere aurreratu dituzte: "Laburra, atsegina, gozatzeko modukoa eta ikusgarria izango da. Parte-hartzaile guztion artean, aterki zuriekin, Euskal Herriko mapa osatuko dugu; gorriekin, presoen herriratzea irudikatuko duten geziak osatu; eta kandelekin, Euskal Herrian diren presoak irudikatu". Ekimena musikaz lagunduta egingo dute eta, bukatzeko, Alai Taldeko kideekin Hator Hator abestia kantatuko dute.
Herritarrei puntualtasuna eskatu diete, 18:30erako ekimena amaituta egon dadin.