Bergarako Udalak 2016tik aurrera Agorrosingo erabiltzaileentzako kuotak %20an igoko zituela iragarri zutenean, erabaki horri aurre egiteko sortu zen Agorrosinen %20EZ herri plataforma. Ekintzarik deigarrienen artean, egin duten sinadura bilketa dago. Herriko denda eta taberna askotan sinatzeko zerrendak jarri zituzten, eta kalean mahaiak ere jarri izan dituzte herritarrek haien desadostasuna sinaduren bidez erakusteko. "Hiru astez bakarrik izan genituen sinadura zerrendak kalean, eta ia 2000 lortu ditugu", dio plataformako kide Iban Biagak.
"Helburu bat lortu nahi genuen eta gogor egin dugu lan; horregatik, orain jendeari egindakoa azaldu nahi diogu", dio Biagak. "Igoera hau etetea oso zaila zen, baina behintzat nahi genuen norbait egotea kalean Udalarentzat horren erraza izan ez zedin gure ustez bidezkoa ez den igoera hau aurrera eramatea", azaldu du.
Atzo arratsaldean orain arte egindako guztia azaltzeko agerraldia egin zuten plataformakoek Irizar jauregian. Plataformatik "bihotzez" eskertu dute Bergarako herritarrengandik jasotako babesa eta inplikazioa.
Plataformatik gaineratu dute herriko kirol taldeen partetik inplikazio apur bat gehiago espero zutela. Herriko talde desberdinetako ordezkariak batuta ekitaldi bat egin eta argazki bat atera nahi zutela azaldu du Biagak, baina, esan duenez, ez zuten erantzunik jaso: "ulertzen dugu agian eurek ez dutela nahi alde batean edo bestean posizionatzea, baina ni pertsonalki pixka bat minduta sentitu nintzen horrekin".
Atzera bueltarik ez
Abenduaren 11ko ezohiko osoko bilkuran tasen %20ko igoera onartu zuten; honen bueltan, "atzera bueltarik ez diogu ikusten inondik inora", adierazi du Biagak.
Udal Gobernuaren eta "gehienbat alkatearen" jarrera ez da egokia izan haien ustez. Aipatutako osoko bilkuran Biagak mikrofonoa hartu zuen plataformaren izenean; "pareta baten kontra nenbilela zirudien", adierazi du. Juan Jesus Alberdiren jarrera "penagarria" izan zela dio plataformako kideak.
"Hemendik aurrera bakoitzak hartu beharreko erabakiak gauza pertsonala dira", adierazi dute Agorrosinen %20 EZ taldetik. Azaldu dute jendeak baja kanpaina bat egitea proposatu diela, baina azkenean hori talde moduan aurrera ez eramatea erabaki dute: "gure aurreneko puntua eta garrantzitsuena da ez dugula Agorrosingo langileen egoera kaltetu nahi".