Gure Ametsa elkartearen ekimenez antolatutako Napar Ferian jende askotxo elkartzen da urtero. Aurten ere hamar postu etorri dira, Nafarroako askotariko produktuekin; aukera ederra, Gabonei begira gurean ohikoenak ez diren jakiak erosteko.
Artatse irabazle sukaldaritza lehiaketan
Azokaz gain, beste hainbat ekintza izaten dituzte San Antonion. Umeendako jolasak, poniak eta zezentxoak, adibidez. Eta baita sukaldaritza lehiaketa ere, esaterako.
Aurten urteroko jakia diren patatak onddoekin prestatu behar izan dituzte gisatu eran. Zazpi elkartek hartu dute parte eta Artatse elkartekoak izan dira irabazleak; bigarrenak Gure Ametsakoak eta hirugarrenak Zazpi elkartekoak.
Sagarpe elkarteak ez du platera gisatu eran prestatu eta horregatik ohiko sariketatik kanpo geratu da. Hori bai, platera "ederra" zegoelako Berrikuntzari Saria eman diete Sagarpekoei.
Bestalde, Gabonetako postalen lehiaketaren barruan Ane Alberdi izan da irabazlea helduen mailan.
Azokako saskiaren zozketa
Era berean, ohitura dute azokan zerbait erosi dutenen artean azokako bertako produktuez osatutako saski bat zozketatzeko. Bada, aurten Diego Rajado izan da saritua.