Bergarako alkateak, Juan Jesus Alberdik, eta Debagoieneko Ospitaleko zuzendariak, Andoni Alzelaik, sinatu zuten hitzarmena egubakoitz eguerdian, Bergarako Udalean. Hitzarmen horren bidez, osasun eta gizarteko beharrizanei osotasunean erantzuteko, koordinaziorako eremu bat garatu nahi da.
Protokolo horren xedea da, etenik gabe arreta eskaintzea, osasun arazo larriak edo muga funtzional handiak dituztelako, eta balizko bazterketa arriskuan egonda, arreta soziosanitario koordinatua eta jarraitua behar dutenei.
Hitzarmenak hiru helburu ditu:
- Debagoieneko eskualdean dauden behar sozio-sanitarioak dituzten pertsonen arreta ziurtatzea zeharkakotasunez, lehen mailako arreta taldeen, arreta espezializatuen, osasun mentaleko sarearen eta gizarte zerbitzuen esku-hartzearekin.
- Erkidegoan koordinaziorako beharrezkoak diren egiturak garatzea.
- Koordinazio sozio-sanitarioa oinarritzat hartuta eta kudeaketarako metodologia baten bidez, arreta sustatzea.