Urteko azken ohiko osoko bilkura izango da astelehenekoa –19:30ean–, eta bertan esango dio agur Juanje Alberdik alkatetzari. EAJk maiatzeko hauteskundeak irabazi eta Alberdik ekainean hartutako kargua utzi egingo du, duela hilabete iragarri bezala –orain bi aste iragarri zuten jeltzaleek haren ordezkoa Elena Lete izango dela–
Horrekin batera, alkateordeen berrantolaketaren berri ere emango da osoko bilkuran. Elena Lete ez zen orain arte alkateorde, eta izendapen hori jasoko du –lehen alkateorde izango da–, alkate izendatua izan bitartean behin-behineko alkate gisa jardun ahal izan dezan –alkateari dagozkion erabakiak berak hartuko ditu hortik aurrera–.
Igor Oiarbidek Hauteskunde Batzorde Zentralaren kredentziala jasotzean, osoko bilkuran –ohikoa, edo ezohikoa deituta– hartuko du hark kargua eta baita Elena Letek alkatetza ere.
Alkatetzaren eta ibilbide profesionalaren artean erabaki beharrak eraman dute Juanje Alberdi kargua uztera; Alberdi Oñatiko Ulma Handling Systems kooperatibako zuzendari nagusi izango da aurrerantzean.