Ibargarai, Boni Laskuraingo erretiratuen etxea, Matxiategi, Bolu… kalerik kale ibili zen atzo karabana sozialista Bergaran, Madrilera eraman gura duten bertakoen "ahotsa" jaso nahian. Ohi duten moduan, arrosak, gozokiak, eta bitxikeria moduan pilulak gordetzekoak eman zituzten opari.
Karabanako kideen artean zegoen Iñaki Arriola Gipuzkoako idazkari orokorrak, esaterako, adierazi zuen Bergararendako hobe izango dela PSOEk irabaziko balu: "Alderdi sozialista gobernuan egon denean, behin eta berriro ikusi izan da ondo joan zaizkigula gauzak. Aldiz, eskumak gobernatu izan duenean okerrago joan zaigu. Gaur gaurkoz, gobernurako bi alternatiba erreal daude: Raxoiren PP edo Sanchezen PSOE, eta duda barik, Bergararendako zein Gipuzkoarendako mesedegarriagoa litzateke Pedro Sanchezek irabaziko balu".
Galdutakoa berreskuratzeko
Gipuzkoatik Senaturako zerrendaburu den Miren Gallastegik, berriz, azpimarratu zuen orain dela "aukera azkeneko urteetan galdutako eskubide sozialak berreskuratzeko eta etorkizun duina eraikitzeko. Lanpostu eta soldata duinekin, bizimodu duina ahalbidetuko dutenak; guztiondakoa izango den hezkuntza eredu publikoa berreskuratzeko, guztion eskubidea horixe delako, eta oro har, arima soziala duen gobernua izateko, herritarrei aurpegira begiratzeko aurpegia izango duena eta herritarren esanak entzuteko belarriak izango dituena. Eta hori guztia egingo duela erakusten duen eskarmentua badu alderdi sozialistak".
Biek ala biek esan zuten zuten alderdi sozialistak "antzuolarron, bergararron, elgetarron… oro har, gipuzkoarron ahotsa Madrilera eraman nahi" duela.
Eta besteak beste, Gallastegik zera nabarmendu zuen: "Beste lau urtez eskumak gobernatzen badu akabo gure aiton-amonek, gurasoek edo guk geuk urtetako borrokarekin eta ahalegin handiarekin lortutako guztia. Bada ordua, adibidez, emakumeon eskubideak berreskuratzeko, lanpostutan eta soldatetan gizonezkoekiko parekide izateko, eta adibidez, amatasun eskubideak bermatuta izateko".