Autoak zituen gustuko Rollanek mutikotan eta auto guztiak bakarrean bildu ditu orain: "Beti pentsatu izan dut: Posible balitz neuk muntatzea gustuko autoa… Hortik etorri da diseinua".
Buruari eragin, sormena landu
Adinik ez duen jostailua da Brumm: "Irudimena eta sormena garatzeko ezin aproposagoa da. Baina ez bakarrik umeek, baita adinekoek ere, bizkortasuna eta trebetasuna lantzeko, esaterako", dio bergararrak. Jostailuek ia guztia egiten dakiten garaian guztiz kontrako proposamena dakar Rollanek: "Sinplifikatzea garrantzitsua dela uste dut. Jolasteko modua aldatu gura izan dut, mundu zibernetikotik urrundu eta buruari eraginez sormena landu".
Diseinua ez ezik materialak ere asko zaintzen ditu, eta naturalak erabiltzearen aldekoa da: harria, egurra… Oraingoan pago egurra erabili du: "Egur goxoa da eta, gainera, egokia jostailuendako, ez delako ezpaletan zatitzen". Ez dela artisaua dio, baina ez da fabrikazio industrialaren aldekoa: "Xehetasun guztiak eskuz lantzen dituena ez naiz, baina piezak banan-banan egiten ditut".
Dirua makinak erosteko
Diseinatzaile industriala da Rollan eta ingeniaria. Diseinu kontuetan sartu gura du burua eta Brumm jostailuaren bitartez ezagutzera ematen dabil, nahiz eta beste diseinu batzuk ere izan: aulkiak, lanparak…
Finantzaketa kolektiboa edo crowdfunding bidea aukeratu du jostailuaren proiektua finantzatu ahal izateko, hau da, Internet bidezko diru-bilketa. Helburua da 10.000 euro batzea abenduaren 29rako eta eguaztenean, hilak 9, 2.000 euro pasatxo zituen batuta, 29 babesleri esker. Horretarako honako helbidera jo behar da: www.kickstarter.com. Eta horrek duen bilatzailean Brumm sartu. Hilaren 29rako diru guztia batuta izanez gero proiektuak aurrera egingo du: "Eta dirua jarritako laguntzaileek etxean jasoko dute jostailua apiril inguruan. Diru hori batzerik izan ezean, bertan behera geratuko da proiektua, eta ez dago gasturik inorendako", argitu du.
Diru horrekin erosiko ditu jostailua eta gainerako diseinuak egin ahal izateko behar dituen makinak. Baina bilketa horren atzean badago beste zerbait: "Lortuz gero diseinatzaile independente legez lanean hasi ahal izango naiz eta salto handia izango da niretako". Horren guztiaren berri eman du Rollanek diru bilketarako zabaldutako atarian.