10:00etan hasiko da ikuskizuna, patinekin, eta 5,1 kilometrotako zirkuitua osatu beharko dute. Jarraian irtengo dira bikeyoring modalitatekoak, distantzia berdina osatzeko, eta 11:30ean egingo dute txakur-krosa, 7,4 kilometroko zirkuituan: "Txakurkrosean ez dira denak batera irtengo. Bosnaka emango dugu irteera, bestela, hasierako metroetan arazoak sor daitezke; halakoetan, txakur denak batera irteten badira estresatu egiten dira, eta erraza da euren artean trabatzea. Atleta bakoitzak denbora neurtzeko txip bat eramango du, horregatik erabaki dugu irteera talde txikietan egitea", azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Maribi Berraondok.
Pol-Pol taldeko ordezkariak
Txapelketa antolatzen jarduteaz batera, taldeko hainbat ordezkari lehian ibiliko dira domekan: Fernando Cobosek eta Iñigo Etxanizek txakur-krosean hartuko dute parte, eta Imanol Cid-ek bikeyoring-ean: "Horrekin batera, sari banaketa egin aurretik gaztetxoendako zirkuitu txiki bat ere jarriko dugu, kirol honetara gerturatzen joan daitezen".