Udal Gobernuaren botoekin, urriaren 26ko osoko bilkuran onartu zituzten 2016ko ordenantza fiskalak. Kirol tasei, baina, zenbait alegazio jarri zizkioten. Agorrosingo zerbitzuaren garestitzeagatik EH Bilduk jarritako alegazioek, dena den, ez dute gehiengoaren babesik jasoko gaurko (18:00) ezohiko osoko bilkuran.
EH Bilduk, batetik, bere alegazioetan zioen Agorrosingo prezioen "igoera justifikatzeko ez dela azterketa ekonomikorik egin"; bazioen, baita ere, %20ko igoera "gehiegizkoa" dela; igoera herrian erroldatutakoei soilik ezartzea "ez dela zuzena eta zilegi" ere bazioen koalizioak.
Alegazio hauen aurrean, Udaleko Errenta teknikariak, kontu hartzailearen txostenean oinarrituz, dio zerbitzua "defizitarioa" dela, eta, ondorioz, "justifikatuta" dagoela "igoerak onartzea".
Bestalde, teknikariak ere badio %20ko igoerarekin "zerbitzuaren kostua berdintzera" jotzen dela, baina "kostuaren gainetik" jarri gabe, eta, beraz, %20ko igoerak ez duela "tasak arautzen dituen arautegian" jasotakoa urratzen.
Mankomunitateak ere aurkeztu zien alegazioa kirol tasei, prezioen artean bailarako kirol txartelarena agertzen zelako, eta 2016an ez delako txartel hori egongo, hura kentzeko eskatuz. Alegazio hau onartu egingo dute.