Eskualdatzea gauzatzen ariko zarete dagoeneko.
Udal Gobernuko parte naiz; beraz, neurri handi batean ezagupena badut. Baina Juanjek eramaten dituen gaien eguneko jarraipena berarekin zuzenean tratatzen ari gara, jarraipena ahalik eta errazena izan dadin gero, eta bidean ez galtzeko ez informazioa, ez tramiteak, ezta denbora ere.
Zein da lehen inpresioa izango duzun zeregin berriari buruzkoa?
Ni udal batetik nator [22 urtez izan zen langile Arrasatekoan], nahiz eta ez erantzukizun honekin. Gaur egun ere Jaurlaritzan nago, erantzukizun berdintsuarekin edo kargu batekin; beraz, ezagupena badut. Baina egia da herri mailako lana oso gertukoa dela, arlo oso desberdinak eta arlo guztiak ukitzen direla. Erantzukizun handi bat da; ohore bat da, zalantzarik ez, baina erantzukizun handi bat. Baina taldea oso ona da, langileen korpusa oso osatuta dago, eta aurrera egingo dugu, eta ondo. Eta, horrez gain, Juanjek lan itzela egin du hilabete hauetan. Bidea markatu du, neurri batean, hainbat gauzatan, eta horrek erraztu egingo du geratzen den bidea.
Ezustean hartu zintuen proposamenak? Hasieratik egon da garbi zu izango zinela ordezkoa?
Hori ezin dizut nik esan. Niri proposatu zidatenean, ulertu nuen proposamena landuta zegoela, borobilduta, eta erantzukizun ariketa bat izan da, ez zegoen ezetz esaterik, nahiz eta jakin honek aldaketa handia ekarriko duela nire bizitzan, lanean... Ez hori bakarrik, ni Oregi sailburuaren sailean nago, eta konpromiso bat nuen berarekin lau urterako. Egin beharreko kontsultak egin nituen, baietza jaso nuen, eta aurrera.
Ze bertute jar ditzake Elena Letek Udalaren zerbitzura, alkate bezala?
Udala ezagutu egiten dut. Ez naiz aurretik zinegotzi izan, baina udaleko esparruak zeintzuk diren eta nola jorratzen diren badakit. Funtzio publikoaren esparrua ezagutzen dut, itsu-itsu sinisten dut funtzio publikoan eta pentsatzen dut udala dela, funtzio publiko arloan, gehien ematen duena, gertuen dagoena eta gehien igartzen dituena herriaren eta jendearen nahiak. Pentsatzen dut nire ekarpena hortik etorriko dela; pentsatzen dut, gainera, gobernantzaren ikuspuntua landu egin behar dugula denok, bai gizarteak eta bai erakundeek, kasu honetan udal erakundeak. Eta horretan jardun nahi nuke, gure programa betez, baina ikuspuntu horretatik. Gizartearekin lan egin behar dugu, eta harreman hori ez dago hain landuta. Eta gustatuko litzaidake bi mundu horiek uztartzea.