Elena Lete, Bergarako alkate berria

Eneko Azkarate 2015ko abe. 3a, 19:00

Elena Letek ordezkatuko du Juanje Alberdi Bergarako alkatetzan, azken honek karguari uko egin ostean, lan kontuengatik. Hala erabaki zuen atzo Bergarako EAJren Uri Buru Batzarrak eta hala eman dute gaur aditzera Bergarako EAJren arduradunek, Elena Leterekin berarekin batera. Bergararra da, 50 urte ditu, arkitekto teknikoa da lanbidez eta Eusko Jaurlaritzan dihardu; Lurralde Antolakuntza eta Hirigintza Zuzendaria da. 

Urtea amaitu baino lehen hartuko du kargua eta, adierazi duenez, jardun osoa eman nahi dio alkatetzako lanari. Alderdiak harengan jarritako "konfiantza eskertu" eta pozik eta "ilusioz" azaldu da ardura berria dela-eta.

Elena Lete gaur egun Bergarako Udaleko Hirigintza Batzordeburua da eta 2013. urtetik Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaria. Ardura hori, halere, utzi egingo du apurka-apurka, urte berriarekin batera Bergarako alkatetzan buru-belarri murgiltzeko.

Uri Buru Batzarreko lehendakari Mikel Letek azpimarratu du, gaur egungo alkatearen, Juanje Alberdiren, "ordezko ezin hobea" dela, "bere formazioarengatik, lan eskarmentuagatik, administrazioaz duen ezagutza zabalagatik eta taldean lan egiten ohituta dagoen pertsona izateagatik".

Profil egokia

"Elena Letek Bergarako alkate izateko profil egokia duela uste dugu", jarraitu du Bergarako UBBko lehendakariak. "Emakume prestatua da eta sarritan esan dugun bezala, talde oso ona dago jada udaletxean eta alkate postua betetzeko beste aukerarik bazegoen arren, Elena bereziki egokia dela uste dugu".

"Ohore handia"

Elena Letek, bestalde, adierazi du norberaren herriko alkatea izatea baino "ohore handiagorik" ez dagoela, erantzukizun handia dakarren arren. "25 urtetan herri administrazioan lan egin ondoren, ondo dakit alkate izateak berarekin dakartzan ardura eta lanak ez direla nolanahikoak" adierazi du. Arrasateko Udalean jardun du 22 urtez, hirigintzako teknikari, obretako teknikari eta mantenu eta zerbitzu buru bezala.

Funtzio publikoan sinisten duela ere esan du eta horrek lagundu diola ardura berria hartzeko orduan. "Itsu-itsu sinesten dut funtzio publikoan, lehen langile moduan eta orain ordezkari publiko bezala eta horrek ere lagundu dit erantzukizun hau onartzeko momentuan".

Erabakia hartzeko orduan, senideekin ere kontrastatu duela esan du: "Badakit nire familiarentzako denbora ere kenduko didala, eta horregatik familiaren oniritzia jasota hartutako erabakia izan da hau" esan du.

Eta amaitu du esanez, ekainetik hasita duten lana "gogoz jarraitzeko prest" dagoela.

Urtea amaitu baino lehen

Alkate kargua, udalbatzak abenduko Osoko Bilkuran hartuko duela esan dute Bergarako EAJren ordezkariek eta orduan utziko diola alkate karguari Juanje Alberdik. Oraingo alkateak uzten duen hutsunea EAJren hauteskundeetako zerrendetan bederatzigarren postuan joan zen Igor Oiarbidek hartuko du, EAJk Udalbatzan dituen zortzikotea osatuz.

Elena Lete Bergarako hirugarren emakume alkatea izango da, Agurne Barruso eta Jaione Isazelaiaren ostean, biak ere EH Bildukoak. Azken honekin gertatu zen moduan, hauteskundean alkate ateratakoa ordezkatuko du Elena Letek ere: Isazelalaiak, Jesus Elortza ordezkatu zuen joan zen agintaldiaren erdialdean; Letek, Juanje Alberdiren tokia hartuko du lehenak aginte makila hartu eta sei hilabetera.

Juanje Alberdik, lan kontuengatik uko egin behar izan dio alkatetzari. Harendako ere berbak izan ditu Elena Letek, azpimarratuz, lan profesionala eta alkatetza "bikain" uztartu dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak