Euskal ekoizpenak izango dira protagonista abenduko zine klubean

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 3a, 16:39

Un Otoño Sin Berlín, Sanctuaire eta Gure Sor Lekuaren bila filmak proiektatuko dituzte hilaren 16an, 23an eta 30ean Zabalotegi aretoan. Hiru pelikulak aurtengo Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean izan ziren.

Asier Altunaren Amamaren emanaldiak izandako arrakastaren ondoren, Bergarako Udaleko kultura zerbitzuak "euskal zinemaren alde" apustua egin nahi izan du.

Hori dela eta, hiru euskal ekoizpen izango dira abenduko zine klubaren baitan, Zabalotegi aretoan. 16an, Lara Izagirre zuzendariaren Un otoño sin Berlín emango dute, ordu eta erdiko drama erromantikoa. Atzerrian bizi izan ostean, jaioterrira itzultzen den June da protagonista. Itzulera gogorra izango da berarentzat, dena aldatu dela ikusiko baitu, baita bera ere.

Abenduaren 23an, berriz, Olivier Masset-Depassen Sanctuaire izango da ikusgai. Drama da pelikula horren generoa, eta benetako gertakari batean oinarrituta dago. 1984. urtean kokatzen da istorioa; Mitterrand dago agintean Frantzian, eta Felipe Gonzalez Espainian. ETAko kideak Frantziako Estatuan errefuxiatu estatutuarekin bizi dira, baina Espainiak horrekin bukatzea eskatzen du. Pelikulak ETAko Domingo Iturbe "Txomin" eta Frantziako Errepublikako Konstituzioaren Kontseiluko kide Grégoire Fortinen arteko gatazka erakusten du.

Bukatzeko, hilaren 30ean Gure Sor Lekua dokumentala proiektatuko dute, Josu Martinezek zuzendua. 1956an, ikusmira handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatzen da Hazparneko zineman. Hurrengo  hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egingo dute laster. Hirurogei urte beranduago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak