"Emaitza hobeak lortzea espero genuen; bagenekien zaila izango zela aurrera ateratzea atez ateko sistema, baina espero baino okerragoak izan dira emaitzak"; horrela baloratu du Irabaziko zinegotzi Aiert Lizarraldek domekan ospatutako hondakinen bilketa sistemari buruzko kontsulta. Hala ere, "jendearen parte hartzea txalotu" egin behar dela dio: "lehen aldiz egin da kontsulta bat, eta dena behar bezala joan da, normaltasunez".
Bestalde, adierazi du "pana" izan dela "EAJk egin digun tranpatxoa, jendea nahaste aldera", botu papeletetan Sistema mixtoa ipini ordez Atez ate ipini izanari erreferentzia eginez: "garbi jokatu izan bazuten, izango litzateke lehen kontsulta, eta gainera garbia. Beti onartzen dituzu hobeto emaitzak gauzak ondo egiten direnean".
Gaineratu du Irabazin "hurrengo urratsetara begira" daudela, sistema berriarekin zer nolako emaitzak lortzen diren ikustera, hain zuzen: "guk helburua garbi daukagu: %100 birziklatzera iritsi behar garela, urtez urte emaitza hobeak lortuz". Esan du eperik ez dutela zehaztu oraindik, baina "garrantzitsua" iruditzen zaiela "bi edo hiru urtean %90era iristea".