Parte-hartzearen datuak arrakastatsutzat jo ditu Juan Alberdi, Bergarako alkateak. Horrekin eta "5. edukiontziaren alde eginiko apustuarengatik", eskertu egin gura ditu herritarrak eta agindu du "arduratsu" jokatuko dutela aurrerantzean. Kanpainan azaldu moduan, 2016ko lehen hiruhilekoan ezarriko dute sistema berria, azaltzen duenez, kontsulta deitu baino lehen egindako bideragarritasun planak erakutsitakoa gauzatuz.
Alkateak aitortzen du eurek babestutako aukerak irabaziko zuela espero zutela baina kontsultarik egiten den lehen aldia izanik eta prozesua epe laburrean egin dela kontuan hartuta, emaitzen zain zeudela. Datuak eskuan, partaidetza nabarmentzen du Alberdik, bere iritziz frogatu delako "eurentzako garrantzitsua den gai bat denean, parte hartzen dutela herritarrek" eta gaurkoak bidea zabaltzen diela partaidetza ekimen gehiago planteatzeko.
Azkenik, alkateak uste du "zaborren gaia definitiboki" ematen dela "amaitutzat", badakitelako jendearen nahia zein den eta "legitimitate osoz eta herritarren iritzia ezagututa" bukatzen dela eztabaida.